Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

2013(e)ko ekainaren 1(a), larunbata

Eskolako lanak akuilu euskarara hurbiltzeko



Eskolako lanak akuilu euskarara hurbiltzeko
Ikastoletako haur kopurua hazten doa, baina ez da nahikoa, hizkuntzak eskolaz kanpo ere bizi behar du, herriko plazetan, jolas-parkeetan, mendian... Pixkanaka horren kontzientzia hartzen ari dira haurren erreferente direnak, gurasoak.
Iure Eizagirre
Itsasun, Seaskako guraso taldea gau eskolan. Mahaiburu Mixele Aguerre irakaslea, eta ondoren ezkerretik eskuinera: Xantu Weiss, Maite Garat, Dominique Alzualde, Xabi Etxeberria, Nadčge Erdoďs, Cyril Fortin eta Martine Mille.
Itsasun, Seaskako guraso taldea gau eskolan. Mahaiburu Mixele Aguerre irakaslea, eta ondoren ezkerretik eskuinera: Xantu Weiss, Maite Garat, Dominique Alzualde, Xabi Etxeberria, Nadčge Erdoďs, Cyril Fortin eta Martine Mille. (Iure Eizagirre)
Beraiek euskararik gabe bizi arren, seme-alabei hizkuntza ikasteko aukera eskaintzen die zenbait gurasok. Hego Euskal Herrian ohikoa da euskaraz hitzik ez dakiten gurasoen haurrek D ereduan ikastea, Ipar Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira ikastolan matrikulatzen diren umeak. Horrek bermatuko die txikienei euskara ikastea, baina inguruneak egin dezakeen lana ezinbestekoa da, Seaskako euskararen sentsibilizazio txostenak dioen moduan, “etxeak eta familiak ikastolaren luzapen afektiboa eskaini behar dute”.
Haurra ikastolan duten gurasoei ulertarazten diete umearen hizkuntza euskara dela, hau da, ez dela soilik ikastolako hizkuntza, eta eremu guztiak hartu behar dituela euskarak. Horretarako motibazio iturri eraginkorrena beraiek direla oroitarazten diete, eta esaten zaie euskara ez dela ume-hizkuntza. Gurasoak barneratzen doaz Seaskaren ideiak eta gero eta gehiago dira haurrek eta gurasoek aisialdia euskaraz gozatzeko egiten dituzten ekintzak.
Xan Aire Seaskako kideak Sarako ikastolan egiten duten Gozatu programa izan du hizpide. Astean behin familiak biltzen dira, haurrak gurasoekin, ikastolatik kanpo eta hainbat jarduera egiten dituzte. “Herriko plazan jokoak egin ditzakete edo joan daitezke oihanera gaztainak biltzera, gero gaualdi goxo bat egiteko. Horrelako gauzak egiten dituzte eta biziki interesgarria da”, azaldu du Airek.
Antzera funtzionatzen du Euskaraz Bizi egitasmoak. Euskal Herri osoan garatzen da eta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean hainbat eremu jorratzen ditu: ikastolako haurren euskararen erabilpena ikastetxean eta handik kanpo, ikastoletako hizkuntza politikak eta familia. Azken horri dagokionez, ikastola bakoitzak programa horretaz arduratzen den guraso talde bat du. Hori arduratzen da zentrotik kanpo gurasoekin ekintzak antolatzeaz edo herrietako beste elkarte eta instituzioekin harremanak izateaz, zerbitzuak nola euskalduntzen diren aztertzeko. Egun Iparraldeko 25 ikastoletan garatzen da Euskaraz Bizi egitasmoa.
Gurasoek euskara ikasi eta erabiltzeko beste baliabide bat ere eskaintzen du Seaskak, honako hau AEKren laguntzarekin. Euskara ikasten ari diren ikastoletako gurasoei beka ematen die eta hainbat baldintza beteta, ikasturteko matrikularen prezioaren erdia itzultzen die Seaskak. Airek azaldu duenez, AEK-k programa bereziak –haurraren eta gurasoen arteko komunikazioan arreta berezia jartzen dutenak– antolatu izan ditu gurasoentzako, baita jolasak erakusteko ikastaro laburrak ere.
Euskara ikasteko grina
Euskara ikasten ari den guraso talde bat biltzen da asteazkenero hiru orduz Itsasuko (Lapurdi) gau eskolan. Eurak ez dira Seaskak eskainitako programez baliatzen baina bai Errobi Herri Elkargoak emandako diru laguntzaz.
Aditzei errepasoa ematen ari den zazpi pertsonako taldean aurten euskara ikasten hasitakoak zein bost urtez ari direnak batera daude. Euskara zergatik ikasten duten galdetuta, bakoitzak bere arrazoiak ematen ditu: “Jakiteko”, “mintzatzeko”, “pesta egiteko” edo “haurrarekin mintzatzeko, baita nire familiarekin ere”. Dominique Alzualde luhusoarraren hitzak dira azken horiek. Iparraldean haurrarekin bakarrik hitz egiten ei du euskaraz. Hegoaldera joaten denean, aldiz, euskaraz soilik egiten du Amaiurren bizi duen familiarekin. “Bitxia da, Bilbora joaten naiz eta han beti mintzatzen naiz euskaraz, eta hemen ez. Ez dakit zergatik”, aitortu du berak.
Seme-alaba txikiak dituztenen kasuan, gurasoak jabetzen dira euren euskararekiko garapena haurrenarekin batera doala. Horrek txikienen zuzenketak eragin ditu zenbaitetan. Hala dio Xantu Weiss Urruñan bizi den kortsikarrak: “Nire semeak zuzentzen nau baina goxoa da”. Gauzak horrela eginda, aitaren eta zazpi urteko semearen arteko harremana ongi joango dela irizten dio Weissek.
Maite Garat ikaskide makearrak bi haur ditu, bat hiru urte eta erdikoa eta bestea zortzikoa. Txikiena orain hasi da amarekin euskaraz egiteko ohitura hartzen, zaharrenari gehiago kostatzen zaio. Hasieran frantsesez eta euskaraz hitz egiten zuten, eta zaharrenak frantsesez erantzuteko ohitura hartu du. “Haurra ttikia zenean zenbait momentutan frantsesez egiten nuen; zerbait hobeki esplikatu nahi banuen frantsesez hasten nintzen eta gero euskaraz, aise mintzatzen banintzen gauzak esplikatzeko, euskaraz egiten nuen”, dio Garatek.
Euskara ikasi arren, zaila egiten zaie oraindik erabiltzea. Nadčge Erdoďsek lau haur ditu eta etxeko lanak euskaraz egitea hobe dela baieztatzen badu ere, umeekin egunero euskaraz egitea zaila dela aitortzen du.
Lanekin lagundu ahal izateko beharrezkoa dute euskarazko irakaskuntza jakin bat jasotzea eta horretan laguntzen diete eskolan. Weissek semeari lagundu ahal izateko matematika hiztegia eskatu dio irakasleari eta Mixele Aguerrek landuko dutela agindu dio.
Aisialdiaren garrantziaz jabetuta, ariketa berria proposatu die irakasleak: bost jolasen azalpenak eman dizkie frantsesez. Binaka edo hirunaka, bat aukeratu, ulertu eta ikaskideei euskaraz azaltzeko prestatu behar dute. Oraingoan beraiek izango dira irakasle, eta biharkoan seme-alaben joko erakusle.
Hizkuntza erabiltzeko espazioak falta
Eguneroko errealitatea inork baino hobeto ezagutzen dutelakoan, ikasleei euskaraz bizi daitekeen galdegin diegu. Batzuek berehala erantzun dute ezetz, Weissek bestelako hausnarketa egin eta pertsonak topatu behar direla adierazi du, nahiz eta zaila den.
Iritzi berekoa da Aguerre irakaslea ere, ingurune euskalduna bilatzea oso zaila dela eta ikasleek ahalegin bikoitza egin behar dutela uste du, batetik euskara ikasi eta bestetik hori erabiltzeko eremuak bilatu. Horregatik, AEK-k ezin ditu Iparraldean Hegoaldean gauzatzen dituen hainbat egitasmo burutu, Mintzalaguna esaterako, zaila baita horretarako euskaldunak aurkitzea. Baina azaldu duenez, bada antzeko egitasmorik: Hendaian euskara eta frantsesa ikasteko trukea egiten dute. Hegoaldetik heldutako jende askok frantsesez ikasi nahi duela aprobetxatuz, elkarrekin batzuetan frantsesez eta bestetan euskaraz egiten dute.
Ikastola bidezko euskalduntzean du itxaropena Aguerrek. Itsasu inguruan ikastola dezente dago kilometro gutxitan eta horrek etorkizunean bateko eta besteko haurrak euskaraz erlazionatzea eragin dezakeela sinesten du. Oraingoz, herriko dantza taldeak eskolak euskaraz ematea eragin du haurrak ikastolara joateak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina