(IZABA, 1861 - MADRID, 1941)
Izaba XX, mende hasieran modernizatzen ahalegindu zen empresaria dugu Anjel Galé; horrela, azpiegitura berriak ezarriz herritarren bizi kalitatea hobetu zuen.
Hiru anai-arrebaren arteko txikiena zen. Hamasei urte zituenean, Madrilera joan behar izan zuen soldadugoa egitera. Behin zerbitzua bukatu eta gero, Madrilen bizitzen jarraitu eta telekomunikabideei buruzko ikasketak egin zituen.
Madrid zegoela, Erronkariko Eduardo Ganbra Sanz arkitektoa ezagutu zuen eta harekin hirigintza proiektuei buruzko enpresa bat sortu zuen.
Lan horretaz gain, Anjel Galé Castañedako kondesaren lur administrari ere zebilen lanean. Garai horretan izabarrak diru ugari irabazi zuen eta zati bat bere herrian hobenkuntzak egiteko erabili zuen, 1895etik 1911ra.
Izabara errepide berria iritsi zela aprobetxatua, Galek herriko iturri guztietara ura ekarri zuen bere sosaz. Horretaz gain, herriko hiltegia eta garbitegia (arropa garbitzeko tokia) ere egin, herriko eskoletan komunak jarri eta estolderia sortu zuen.
Hala eta guztiz ere, egin zituen lan horietatik guztietatik, Hotel Pirineo eraiki izanak eman zion agian Izabari bultzadarik handiena. Bere sortetxean bertan eraiki zuen urte askotan Nafarroako hotelik onenetakoa izango zena: kasinoa, auto tailerra eta turismo bulegoa zituen, besteak beste.
1911, urtean, Bernardo Estornés Anaut Izabako alkate zelarik, Udalak Anjel Galé herriko seme kutun izendatu zuen eta bere etxe ondoan kokatua dagoen plaza txiki bati bere izena ipini zioten.
Anjel Galeren beste egitasmoa Progreso Roncalés izeneko garraio zerbitzua sortzea izan zen. Uztarrozetik Ledearainoko ibilbidea egiten zuen eta lehen aldia izan zen motordun garraioak Erronkari ibarrean sartu zirela. Garai hartan bazegoen beste garraio enpresa bat, La Roncalesa deiturikoa; azken enpresa horrek ibilbide berdina egiten zuen, baina motorra erabili ordez zaldiek tiratua zen. Lehia iritsi bezain laster, La Roncalesa ere motordun autobusak erabiltzen hasi zen.
Egitasmoak bere herrian gauzatzeaz gain, beste leku batzuetan ere egin zituen; esate baterako, Donostiako Igeldo Mendiko dorrea erosi zuen, han turismo zentroa eraikitzeko asmoz. Ondoren, Donostiatik Igeldora igotzeko funikularra ezarri zuen eta, urteak pasa ahala, umeentzako jolas parkea osatuz joan zen.
1936. urtean, Gerra Zibila hasi zen urtean, Anjel Gale Izaban zegoen baina 1937an armadak Izabako hotela hartu eta Galé eta familia osoa handik kanporatu zituzten. Gerra bukatu ondoren, Madrilera bizitzera joan eta han hil zen 1941ean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina