Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

2023(e)ko martxoaren 2(a), osteguna

Laida-Gernika

 Goizsenti aparta!


Bizkaibusez, lehenengo Gernikaraino, eta bertatik Laidara
Neguko egunontan, udan ez bezala, bakarti!

Bertotik I.l.ren bidez Gametxorantz jo dut
Bidetik,  Izaro
Gogoratu:  Bermeoko udalerriko lurra da.

Historia

1422: Calahorrako gotzain Diego Lopez Zuñiga eta Fray Martin Arteagak frantziskotarren komentu bat eraiki zuten Izaro irlako goialdeko lautadan.

1457: Gaztelako Enrike IV. erregeak bisitatu zuen.

1476: Aragoiko Fernando II. Errege Katolikoak bisitatu zuen.

1483: Gaztelako Elisabet I. Erregina Katolikoa bertan izan zen.

1596?-XVI.: Sir Francis Drakek eraitsi zuela dio froga historiko argirik gabeko legendak.

Irlan fraile gutxi batzuk bizi ziren baina Espainiaren Flandriako gudak direla eta, kalbinistak Frantzia eta Espainiako portuei su emanez bertaratzean, fraile horiek Izaro uhartetik joan ziren. Beste zenbaitek kalbinistei egozten diote uhartearen erreketa.

1719: komentua bertan behera utzi zuten; egun komentu zena eraitsita dago (aztarna gutxi batzuk daude).

XX.mendean eta Urdaibai Biosfera Erreserbako patronatuak debekatu zuen arte, uhartea gazteen kanpaldietarako leku bilakatu zen.

Izaro hegaztien bizileku aipagarria da: espezie nagusia kaio hauskara da, nahiz eta kaio ilunak edo ekaitz-txoriak eta ubarroiak ere dauden. Beste garai batzuetan, untxiak ere zeuden (ziurrenik fraideek eramandakoak) eta XIX. mendean ardiek belarra jan zezaten, uharteko lurrak alokatzen ziren.

Kondaira

Kondaira baten arabera, monasterioko fraile lego bat Kanalako neska batez maitemindurik omen zegoen eta gauero joaten omen zitzaion bisita egitera, igeriketan, neskak piztutako argia lagun. Komentuko abadeak frailearen ibileren berri izan omen zuen eta, ekaitz gau batean, argia labarretan piztu omen zuen eta maitale gaixoa bertan ito.


Gametxoko baserri bateko landareak
Akorda


Ibarrangeluko Atxerreko San Pedro Igokunde egunaren aurreko astelehenean, Ibarrangeluko eta Akordako parrokietatik errogatiban joaten zen baseliza honetara.

Meza-ospakizunera sartu orduko baselizaren inguruan bira ematea ohitura zen.

Udalak joandako gizonezkoak, pattarrez, eta emakumezkoak, anisez eta gailetaz, eskertzen zituen.

San Gregorio egunean baselizara igotzen zen ondoko abesti didaktiko-erlijiosoa abestuz:

"Esaik bat. Gure Jauna bera da bat,
berak salbatuko gaituzak.

Esaik bi. Erromako altare bi,
Gure Juana bera da bat,
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik hiru. Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik lau. Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik bost. Jesukristoren bost llagak bost,
Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik sei. Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
Lau ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat,
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik zazpi. Zazpi Sakramentuak
Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
...

Esaik zortzi. Zortzirak dira zeruan
Zazpi Sakramentuak
Sei Argilerijjuak sei,
...

Esaik bederatzi. Bederatzi Ordenamentuak
Zortzirak dira zeruan,
Zazpi Sakramentuak,
...

Esaik hamar. Hamar Mandamentuak
Bederatzi Ordenamentuak,
Zortzirak dira zeruan,
...

Esaik hamaika. Hamaika mila Aingeruak,
hamar Mandamentuak,
Bederatzi Ordenamentuak,
...

Esaik hamabi. Hamabi Apostoluak,
Hamaika mila Aingeruak,
Hamar Mandamentuak,
Bederatzi Ordenamentuak,
Zortzirak dira zeruan,
Zazpi Sakramentuak,
Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Egun horretan ere, mezan, gatza bedeinkatzea ohitura zen. Ondoren, gatz horren banaketa dantzaleku deitutako lekuan egiten ohi zen. Herritarren arabera, leku horretara, sorginak joaten ziren dantza egitera.

Etxean, gatza, Berpizkundeko Paskua egunean parrokian hartutako ur bedeinkatuan disolbatzen zen. Erramu egunean ortu guztietan kokaturiko ereinotzaz eta hurritzaz egindako gurutzeak bustitzeko edo bedeinkatzeko balio zuen. Uzta hona lortzeko egiten zen ohitura hori.

Sendatzeko gaitasunak: Haurdun zeuden emakumeek oilar zuria eskaintzen zioten San Pedrori, haurrari, jaiotakoan, uzkia irten ez ziezaion.

San Pedrori ere arrantza-uzta ona izatea eskatzen zitzaion. Arrantzaleen emakumeak, San Pedro egunean, gatza eramaten zuten bedeinkatzeko. Ondoren, arrantza-uzta ona izateko, itsasontzien kubiertan banatzen zen.

Barandiaranek, 1923an, ondoko kondaira jaso zuen:

"(...) hace pocos años, existía en Ibarrangelua una piedra que tenía un hoyo de forma de pie humano. La gente le atribuía a San Pedro. Decíase que este santo al descender del monte Atxarre, dio un paso en el término denominado Armendua y otro en Ibarrangelua, dejando en ambos sitios la huella de su pie."

Urbiolaren arabera mutil- zein neska-laguna aurkitu gura zutenek kanpaia jo behar zuten.

Aitzinean San Pedro Agirre moduan ezaguna zen.

Harri moderno batean agertzen den idazpuruaren arabera, XV. gizaldian erasi zen.

1.793ko bisitaldian, hormak nahiko ondo zeudela aipatu zen itoginen bat edo beste eduki arren, baina aldareak mantela baino ez zuela bota zion aurpegira, eta gurutze barik zegoela; San Gregorioren irudiak ere ez zuela ez bata ez bestea.

1.829ko behaketan, San Gregorioren aldarearen ohola konpontzeko agindu zen; baita San Pedroren aurpegiaren irudia zuen hilobia konpontzeko eta pintatzekoa ere.

1.945-46 artean berreraiki zuten Juan Irigoieni esker. Berreraiketa lanez arduratzeko batzorde bat izendatu zuten. Jendearen emaiei esker egin zuten aurrera konponketa-lanek; baita norbanakoen laguntzari esker ere, harea eta ura garraiatu eta peoi lanak egin zituzten eta.

1.952an beharrezkoa izan zen ostera ere konpontzea eta suskripzio bat egin zen, 9.000 pezeta batuaz.

Bere sasoian, etxe txiki bat izan zuen baseliza-zainak. 1.616rako egiaztatuta dago baseliza-zainak egon bazeudela. Urte horretako azaroaren 27ko eguneko data daroan gutun batean irakurri daitekeenez, Agirreko San Pedro, Zobarango San Juan eta Kanalako Maria baselizetako zaindariei ordaindu egin zitzaien. Ordainketa gutun horren arabera, azken hamasei urteetan baselizen 40 erreal eralgi ziren Pedro Lopez Agirrek burututako pinturak ordaintzen, eta 67 erreal Canosako Diego eta Arteagako Rodry Muniategi eskultoreari San Gregorio eskultura egitearen alde. Horrekin batera, teilatan 8 erreal eralgi ziren eta dukat bi kriseilutan.


Ibarrangeluko Garteiz auzoa

Pinu mozketak direla-eta bide-seinaleak desagertu, eta pistatik Arriandagatik Tremoi auzora jo dut. Bertatik Zendokiz auzora. Hortxe Bekoetxe baserria


Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoko Karmen Amaren baseliza

Luzio Arizmendiren aburuz Zendokizko semea zen José Ignacio Merika-Etxebarria aitak eraikitzea agindu zuen. Apaiz hori 1983an hil zen Foruko komentuan. Sarri askotan, bere gurasoei eta auzo-lagunei esanda zien diru apur bat batutakoan Karmengo Birjinari zuzendutako baseliza bat eraikiko ziela auzoan, LEKU SAKRATU horretan Meza Santua entzun, eta Gurutze Bidearen, Calbariyuac-en eta Arrosario Santuaren debozioak landu zezaten igandeetan eta jai-egunetan. Izan ere, batzuk adinez oso nagusiak ziren eta ezin izaten zuten Gautegiz Arteagako parrokiara jaitsi.

1879ko abuztuaren 26an, Vitoriako gotzaindegiak baseliza hori eraikitzeko baimena eman zion.

Horretarako aukeratu zuen orubea bazen "junto al roble secular y árbol juradero", bertan auzoa eta inguruak biltzen ziren euren arteko konponezinak konpondu, erabakiak hartu eta euren artean bakean eta

 adiskidetasunean bizitzeko.


.
Baselizaren ondoan hilda dagoen tamaina handiko haritza dago. Bere gainean ale gazte bat landatu zen.

Baseliza honetan itsaso-exbotoa dago, itsasontziaren maketa alegia.

Goikoetxe. Erreparatu atariko harrizko zutabeaz


Baratze! Osinaga parajean

Muruteganatik bide zidorrez Gautegiz Arteagako Goenerrota errota (Gautegiz Arteaga) Ikoakane baserri-etxe moduan ezagunagoa da.

Goenerrota errota Ereñozar mendiaren magaletik doan Errekalde errekaren ertzean kokatuta dago, Gautegiz Arteagako udalerrian hain zuzen ere.

1630an errotetara egindako bisitan eta 1649ko pleito batean aipatuta ageri da agirietan.

1704ko fogerazioan errotaren eta etxearen jabetza, besteak beste, Diego Lezertuarena zen, eta Josefa Olaetak zuen alokairuan hartuta.

1745eko fogerazioan etxea eta errota Bañosko kondearen eta Jose Basaberen jabetzakoa zen. Alokatuta zuena Diego Zendokiz zen.

1796ko fogerazioan Montijoko kondesaren eta Angela Bengoetxearen jabegokoa zen.

1837an egindako eraberritze sakonak instalazioetan eta eraikinean ere eragina izan zuen.

XX. mendearen erdira aldera itxi egin zen.

Errota-ardatz bat izan zuen.

Oraindik orain kanpoko instalazioak kontserbatzen ditu. Barnean berriz ez da ezer geratzen.



Oleta edo Olabete errota

Oleta edo Olabeta errota Ereñozar mendiaren magaletik doan Errekalde errekaren ertzean kokatuta dago, Gautegiz Arteagako udalerrian hain zuzen ere.

1630eko errotetara egindako bisitan batean aipatzen da agirietan.

1745eko fogerazioan jabea Ignacio Zendokiz zen.

1796ko fogerazioan jabea Martin Kobeaga zen.

Tamaina handiko baserri-etxe baten ondoan eraikitako eraikina da. Nahiz eta dokumentalki ezin froga daitekeen, errota moduan aritu izan den burdinolaren adibide dugu. Gainera, bere inguruan burdinaren hondakinak aurkitu ahal dira.

Errota honen ezaugarririk aipagarriena instalazioen ohiko ordena aldatuta egotea da. Errotarriek presaren aldamenean kokaturiko instalazio guztiak martxan jartzen dituzte; izan ere errota bera errekan kokatuta egoteak energia nahiko lortzeko jauzi handiagorik behar ez izatea dakar.

Bi errota-ardatz izan zituen.

XX. mendearen erdira aldera arte martxan egon zen.

Kanpotik zein barnetik ondo kontserbatuta egoteak gaur egunera ia osorik heltzea ekarri du, nahiz eta gaur egun ez duen ehotzen.

2003ko Urdaibai Biosfera Erreserbako Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidarian aipatu egiten da III. Eranskinean, Ondare Kultural eta Historiko-Artistikoaren baitan hain zuzen ere, 88. zenbakiarekin eta 38-53(E) P. 5079 erreferentziarekin.


Ereñozar

Gustura!


Kortezubiko Enderika auzoko San Esteban

Errogatiban, letaniak, joaten zen baseliza horretara Kortezubiko parrokiatik. Ura eta gatza bedeinkatzen zen parte-hartzaileen artean banatzeko eta ortuetan zabaltzeko.

Lehorte-garaietan San Estebaren irudia eramaten zen ermitatik parrokiara bederatziurrena egiteko. Bederatziurrena egiten zenean parrokiako Santiagoren irudia baselizara eramaten zen.

Inguruko baserria, zapatariarena

Bazkaltoki eta atseden-leku
Bideko baserria
Iturria

Barrutiabasobekoa

Gernikan gaurko ibilaldiaren amaiera. Bizkaibusez buelta habiara

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina