Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

Bentara noa, bentatik nator, bentan da nere gogoa, bentako arrosa krabelinetan hartu dut amodioa.

2026(e)ko otsailaren 8(a), igandea

Quadra(BI108i.l.)-Pagero-Belaute-Nocedal-Quadra

Otxaranetik jo dugu gaur La Quadrara. Eliza ondoan aparkatu eta i.l.az baliatu gara Pagerora igotzeko.

Bide-seinaleen mantenua faltan botatzen da


La Quadra dorrea

La Quadra de Salcedo leinua Ordoño de Zamudioko sasikume batetik sortua da, antza denez; hori, XV. mendearen hasieran, ibarreko leku estrategiko honetan finkatu zen. Mende hartan, La Quadrakoek parte hartu zuten oñaztar eta ganboar bandoen arteko gerran (nobleen fakzioak), lehenengoen alde borrokatuz, hain zuzen ere.

Hala eta guztiz ere, tirabira batzuk izan zituzten beste oñaztar familia batzuekin. Esate baterako, 1453an Salazartar batek dorrea hartu eta jabea, Juan de La Quadraren alarguna, berarekin ezkontzen behartu zuenean, leinuaren ondare garrantzitsua eta estrategikoa lortzeko asmoz. Erantzuna berehalakoa izan zen, eta Bizkaiko prestameroak (justizia egiteko ardura zuena), oñaztar eta ganboar familia batzuen laguntzaz, 1.500 gizonetako armada batu zuen, Salazartarrei eraso egiteko. Horiek, bestalde, aurre egin eta garaitu egin zituzten, 800 gizon baino ez zituztelarik. Baina, garaipena lortu bazuten ere, gotorlekua berriro itzuli zieten La Quadratarrei. Badirudi gero dorrea berreraiki egin zutela, horren ezaugarri formalak kontuan hartuz XV. mendearen amaierakoa dela esan baitaiteke. Denborak aurrera egin ahala, La Quadra baserri bihurtu zen. Horrek aldaketa batzuk eragin zituen, baina horiek ez ziren beste antzeko kasu batzuetan bezain larriak. Hala eta guztiz ere, 1981n izandako sute batek La Quadraren barruko egitura suntsitu zuen, eta etxea bertan behera utzi behar izan zen, horrek aurri prozesu bizkorra eragin zuelarik. Zorionez, jabeek, orain dela urte batzuk, teilatua konpontzeari ekin zioten, eta horrela badirudi narriadura gelditu egin dela. Baina oraindik ere beharrezkoa izango da obra handiak egitea, Bizkaiko dorrerik onenetarikoa berreskuratu nahi izanez gero.

La Quadra ohikoa baino gotorleku konplexuagoa da, dorreak berak eta espazio karratu handia mugatzen duen kanpoaldeko hesiak osaturik baitago. Harresiak leku batzuetan oraindik ere 4,5 metroko altuera dauka, baina beste alde batzuetan erabat suntsiturik dago. Sarrerako arkuak ere desagertu egin dira (segurutik bi izango ziren), baina gezileihoen lerro biak oraindik bertan daude; behekoak txikiak dira eta goikoak handiak, eta horiek hesi osoa zeharkatzen zuten. Dirudienez, harresi hori dorreak erasoei aurre egiteko zuen gaitasun mugatua handitzeko zurezko eraikuntzen edo “ganbaren” oinarria zen; horiek, oso aldaturik izan arren, zutik iraun zuten 1981eko sutera arte. Dorrearen gorputza oinplano karratukoa da (gutxi gorabehera, 11 x 9 metro), eta altuera handikoa (18 metro inguru). Hormek metro batetik gorako lodiera dute eta harlanduekin indarturiko manposteriarekin parekaturik daude izkinetan eta kofaduren inguruan. Barruan hiru altuera daude. Behean korta, biltegia eta, beharrezkoa zenean, espetxea zeuden. Bertara sartzeko, dobela handiko puntadun arkua zeharkatu behar zen. Gainera, maila horretan gezileiho batzuk ikus daitezke: batzuek kanpoko hesia gainditzen zuten erasotzaileei tiro egiteko balio zuten; beste batzuk argizulo hutsak ziren.

Lehenengo solairua nagusia zen eta horren barruko altuera 8 metro ingurukoa zen, ia dorrearen guztizko altueraren erdia. Bertara iristeko, kanpoaldean horma baten bidez babesturik zeuden harrizko eskailera batetik igo beharra zegoen, eta, horrenbestez, erasotzaileek ezin zuten eskailera hori ikusi. Eskailera hori segurutik Bizkaian kontserbatu direnen arteko konplexuena da: tiro bikoitzeko eskaileratxoak apur bat puntaduna den arku baten sarreraraino eramaten du; bertatik, eskailerara bertara iristen da eta, handik jarraituz, arku zorrotz batera heltzen da; hortik zelaigune batera igaro eta, azkenik, dorrean sartzen da. Solairu honetan eguneroko bizitza egiten zen: bertan zegoen etxea bera, bertan egiten zen lo eta zerbitzariek nahiz tropak ere hantxe jaten zuten; logelak edo senide nagusiaren gela ere bertan zegoen, eta hori segurutik solairuko gainerako zatitik bananduta egongo zen, hormatxo batzuen bidez (hurritz hagatxoak, elkarri lotuta eta igeltsuarekin nahiz buztinarekin indartuta). Solairu horretan zenbait kofadura zegoen: defentsako zein argiztapeneko gezileihoak, leiho konopiala (horren uztaian Salcedotarren eta Zamudiotarren bi armarri tailatu ziren) eta puntadun ateak (gaur egun, itsuak), “geletara” sartzeko. Bigarren solairua, azkenik, apur bat puntadunak ziren lau leihoko gela handi eta bakar batek osatzen zuen, leiho bat fatxada bakoitzean, eta bertan ere gezileihoak zeuden. Barruko egitura zurezko solairuek osatzen zuten; horiek eskuineko oin zentralean eta solairu bakoitzeko hormetako eskaileretan euskarriturik zeuden, baina horren zatirik handiena galdu egin zen 1981eko sutean. Dorrearen goialdean piramide formako teilatua dago, oraintsu berritua.


Bide-seinaleen mantenua faltan botatzen da. Hortxe adibidea

Gallarraga I.aldetik
Pagerotik Pagero lepoa eta Gallarraga. Lepotik gora bide zidor erosoa topatu dugu.

Haizetea eta egun argia Belaute gainean!

Buelta Nocedal urtegitik egin dugu, horretarako Congeda lepora jo dugu, eta hortik behera
Ordunteko urak Bilborako







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina